Kuxku Xero naiz eta euskara zabaltzera nator!
Kaixo! Xero naiz, Kuxku Xero. Lamia eta galtzagorri baten semea naiz. Sekretu bat kontatuko dizuet: altxor bat gordetzen ari naiz, oso altxor berezia. Eskaut taldeetan altxor hori ere duzuela esan didate eta horregatik zuengana etorri naiz.
Orain dela gutxi zuen eskaut taldeak ezagutu ditut eta, nire izena dioen moduan, kuxkuxeatzea izugarri gustatzen zait. Horretara nator: eskaut taldeetan nola zaintzen duzuen altxor hori kuxkuxeatzera.
Badakizue zein den altxor hori? Bakarrik euskaldunok dugun zerbait, desagertzeko zorian egon zena, baina oso ondo zaindu duzuena: euskara!
Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, aukera ezin aproposagoa nire asmoak aurkezteko! Ikusi duzue nire detektibe itxura? Zuek espiatzera nator; euskara nola zaintzen duzuen espiatzera. Hemendik aurrera, noizbehinka agertuko naiz eta kuxkuxeatu dudan guztia kontatuko dut. Zuen eskaut taldeetan euskararekiko dituzuen ekintzak, hain zuzen ere.
Ixil-ixilik ibili naiz eta ez dira konturatu, baina egun hauetan Gasteizen egon naiz San Viator Eskaut Taldeak zer egiten duen begiratzen. Oso ideia ona iruditu zait: begiraleak haien artean euskaraz hitz egiteko helburua ezarri dute adarren aurrean, eredua emateko! Dakitenek euskara erabiltzea oso garrantzitsua da, eta txikiek jarrera hori ikasten badute, izugarria!
Badakizue: gure altxorra zaindu, hemendik aurrera atzean izango nauzue. Kuxku Xero eskaut bihurtu da! Laister arte!
Irudia: Jiker