Ekainaren 3an, larunbat honetan, 200 bat eskaut errefuxiatuentzat 350 RESTART KIT muntatzeko elkartuko gara Bilbon eta Gasteizen. Errefuxiatuek behar duten produktu desberdinekin osatuko ditugu kitak eta greziar kanpalekuetan dauden errefuxiatuengana zuzenduko ditugu.

Greziara heltzen diren pertsonak bidai luze batetik datoz eta bidean gauza asko eta pertsona asko atzean utzi behar izan dituzte. Horregatik Greziako Eskautek Kit hauek prestatzea eta bidaltzea eskatu dute, pertsona hauei berriro beraien bizitza hasten laguntzeko. Euskalerriko Eskautak koordinatutako ekintza da hau, Greziar eskautekin elkarlanean kitak kanpalekuetan banatzeko eta MSCko eskauten lankidetzari esker Greziara garraiatzeko.

Eskaut taldeetako neska-mutilek hiru motatako kitak egingo dituzte: eskolakoak; material desberdinak dituzte kanpaketetan dauden neska-mutilek eskolako materiala izan dezaten, haurtxoena; haurren zainketa eta elikatzeko produktuekin eta higiene-pertsonalarena; garbitasun pertsonala errazteko.
Euskalerriko taldeen parte hartzeari esker izan da posible produktu guzti hauek lortzea. Bi euroko txartelak salduz eta beste sentsibilizazio-ekintzei esker lortu ditugu 350 kitak betetzeko materialak. Hamar paletetan antolatuko ditugu 350 kutxak eta hurrengo materialak osatuta: 144 eskola-poltsa, 288 koaderno, 576 arkatz, 288 borragoma, 144 boligrafo, 144 ingeles liburu, 144 munduko mapa,  1.344 haur-oihal,    48 txupete, 720 komuneko paper-biribilkia,   288 hortzetako pasta, 288 hortzetako eskuila, 288 Xanpu, 576 desodorante, 432 xaboi… eta elkartasun mezuak haien kemena indartzeko momentu latz eta gogor hauetan.

Partekatu!