Eskautismoa

Eskautismoa mugimendu bat da  aisialdian hezten mundua aldatu nahi duena. Era honetan, pertsona aske, kritiko eta gizarte zuzen eta solidariago baterako konprometituta dauden pertsonak prestatzen ditu. Alderdi gabeko eta irabazi asmorik gabeko mugimendua da, pertsona boluntarioek osatzen dutena.

Eskauten hezkuntza-proiektua 8 eta 19 urte arteko pertsonei zuzenduta dago, hau da, bihar helduak izango direnei. Pertsona horiek, oraingo egoera ezberdinetik abiatuta, geroaldi hobea protagonizatzeko eginkizuna dute.

Hezkuntza osoa

Eskautismoaren apustu nagusia da pertsonen garapen osoa lortzea, gaitasun fisikoak, intelektualak, sozialak eta espiritualak barne direla. Hori hiru hezkuntza-aukera hauen bitartez eratzen da:

  • Hezkuntza aukera: Pertsonak bere buruarekin duen harremana lantzen da, besteak beste, norberaren garapena eta autonomia, emozioen hezkuntza eta heldutasun prozezuaren beraren protagonismoa.
  • Gizarte aukera: Pertsonak beste pertsonekin eta inguruarekin duen harremana lantzen da. Pertsonak bere inguruan gertatzen diren ekintzak baloratzen jakin behar du, era kritikoan eta kontzientzia sentikorrarekin. Era berean, ikuspegi globala izan behar du eta hurbileko inguruan era kritikoan, konprometituan eta arduratsuan parte hartzeko gai izan behar du.
  • Fededun aukera: Pertsonak alderdi transzendentalarekin duen harremana lantzen da, pertsonari bere espiritualitatea zabaltzen eta biltzen lagundu behar zaio, Nazareteko Jesus eta bere mezua eredu hartuta.

Natura leku egokiena da pertsona bakoitza garatzeko.