Euskara erabiltzeko, Beti prest!
Gure gizartean egun bereziak ospatzen ohitu gara. Zeozer aldarrikatu nahi dugunean, egun bat jartzen dugu, eta ematen du egun horrekin bakarrik, gure betebeharra eginda geratzen dela. Hile honetan Euskararen eguna ospatzen dugu abenduaren 3an, baina horrek ez du esan nahi egun honetan bakarrik saiatu behar garenik euskaraz egiten. Eguneroko gauza bat izan behar da. Gure bizitzan gero eta gehiago erabiltzen saiatu behar gara. Izan ere, hizkuntzek kultura bateko esanguratsuena da, eta gure kasuan euskara baita euskaldun egiten gaituena.
Azken aldian euskaldunen kopurua, hau da euskaraz egiteko gai den jendearen kopurua, asko igo da, baina erabiltzen dutenena berriz ez. Zergatik gertatzen da hau? Jendea ez delako erabiltzera ausartzen. Gure taldeak gizartearen ispilu txikiak direnez, haietan ere gauza bera gertatzen da. Baina,zer egin dezakegu?
Erantzuna erreza da, hitz egin dezakegu eta, garrantzitsuagoa dena, euskaraz dakien beste pertsona batzuk ere hitz egiten animatu ditzakegu. Gainera taldeetan gazteria motibatzeko aukera paregabea daukagu. Gurekin daudenean, eskautek badakite ez daudela eskolan, eta eroso sentitzen dira. Egoera hori aprobetxatu behar dugu, euskara egunerokotasunean sartzeko. Begiraleak euskaraz egiten ikusten duten heinean, ume eta gazteak animatuko dira euskara erabiltzen. Eskolatik kanpo erabiltzeko aukera eman behar diegu.
Gure helburuetan, euskara sustatzea mila bider agertzen da, baina hori aurrera eramateko, ez da nahikoa jolas batean pistak euskaraz idaztea edo kanpamenduetan kartelak eta ordutegiak bi hizkuntzeatan jartzea. Hori guztia oso ondo dago, baina gero gure ekintza guztietan, hitz egiterakoan erdara bakarrik erabiltzen badugu, ez dugu gure helburua lortuko.
Animatu behar gara euskaraz egiten. Nahiz eta euskaldun zaharrak ez izan, euskaraz egin dezakegu. “Euskara, ez betidanik, baina bai betirako”. Animatu zaitezte euskara erabiltzera, hizkuntza bat ez baita hiltzen ez dakitenek ez ikasteagatik baizik eta dakitenek ez erabiltzeagatik.