Gure gizartean egun bereziak ospatzen ohitu gara. Zeozer aldarrikatu nahi dugunean, egun bat jartzen dugu, eta ematen du egun horrekin bakarrik, gure betebeharra eginda geratzen dela, baina ez da horrela. Horrelako jarrerak gure kontzientzia garbitzeko balio du gehienez jota. Gaur Euskararen eguna ospatu nahi dugu, baina horrek ez du esan nahi, bakarrik gaur saiatu behar garenik euskaraz egiten. Eguneroko gauza bat izan behar da. Gure bizitzan gero eta gehiago erabiltzen saiatu behar gara. Euskaraz 365 egun egin beharko genuke. Izan ere, hizkuntzek kultura bateko esanguratsuena da, eta gure kasuan euskara baita euskaldun egiten gaituena.

Atzo hasi zen Durangoko Azoka,  Euskal Herriko handiena eta garrantzitsuena da, euskalgintzan dihardutenen elkargunetzat sortua.

Urtero, abenduaren lehenengo hamabostaldian, Euskal Herri osoko argitaletxeak batzen dira azokan, bai nobedadeak bai aurreko urteetako liburu eta diskoak salgai jartzera. Baina, gainera, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskararen eta euskarazko kulturaren erakustoki erraldoi eta jai nagusi bihurtzen da. 

Durangoko azokara hurbiltzera animatzen zaituztegu euskararen eguna ospatzera!

Euskaraz bizi nahi dugu! Euskara egunez egun, beti prest!

 

Partekatu!