Gure idearioa

Eskaut Mugimendu Katolikoan eta, honen bidez, Munduko Eskaut Mugimenduan dauden Euskal Herriko elizbarrutietako eskaut elkarteen federakunde bezala aurkezten dugu Euskalerriko
Eskautak (EE). EE hezkuntza mugimendua da eta bertan gizabanakoaren hazkunderako eta gure gizartearen aldaketarako funtsezko bidetzat hartzen da hezkuntza.
Baina, gure ideiak aurkeztu aurretik, interpelatzen gaituen eta gure hezkuntza, eraldaketa eta ebanjelizatze egitekora dei egiten digun gaurko testuingurua hartuko dugu abiapuntutzat.

Hauek dira
gaurko sistema eta gizartearen giltza batzuk:
• Gizarte honetan, sistema neoliberalak nagusitzen dihardu eta globalizazioa, bereziki ekonomia eta kultura arlokoa, hedatzen ari da

• Globalizazio prozesu azkar honen eraginez, boterea bakar batzuen esku biltzen da eta gero eta sektore gehiago geratzen da planetako ondasunetatik eta hauen gaineko erabakietatik kanpo

• Aniztasun biologiko nahiz kulturalaren galera nabarmentzen da; ondorioz, gero eta baliabide gutxiago dituan mundura moldatzeko aukerak murriztu egiten dira

• Merkatu askeak protagonismoa hartzen du eta gizakia trukemerkantzia bihurtzen da

• Iparraldeko herrialdeek beren nagusitasuna areagotzen dute hegoaldekoen gainean, txirotasun estrukturalean murgilduz eta bertatik ateratzeko aukerak ezereztuz

• Garapen egitasmoa gizarte zuzen eta orekatuaren ereduagatik baino hobeto azaltzen da korporazio handien ekonomia interesengatik

• Globalizazioak eragindako desordenaren ondorioz, migrazio mugimenduen gehikuntza nabarmena izan da

• Merkatuak, gainera, gorantza doan aisiaren industria sortu du. Hau, sozializazio eragile bezala, hezkuntza taldeekiko lehian aritzen da

• Lan ezegonkortasunak eta, prezio altuak direla-ta, etxebizitza jadesteko izaten diren arazoek zailtasun handiak dakartzate gazteen burujabetze prozesuan

• Familia da, gaur ere, lehenengo eragile sozializatzaile nagusia. Hala ere, familien eraketan izandako arazoak direla, eta bereziki denbora eta espazio zailtasunak direla, sarritan isolatuta aurkitzen dira eta tentsio eta hutsuneak ere agertzen dira familiaren eta eskolaren artean

• Indibidualismo gero eta handiagoa, besteak beste, ikuspuntu neoliberaletik ikusitako teknologia berrien ezarpenagatik

• Sekularizazioa eta erlijio axolagabekeria hedatzen ari direla ikus dezakegu.

Ondasun materialak erreferentzia absolututzat hartzen dira, alderdi transzendentea hondar-espazioetara edo existitzen ez diren espazioetara zokoratzen da Herri bereko kide gara eta sentitzen gara eta berariazko idiosinkrasia jaso dugu bertatik. Hortik eta Jesukristoganako gure fedetik, gure konpromiso sendoa eskatzen duen gizarte eta pertsona eredu berria sumatzen dugu

Esta entrada también está disponible en: Gaztelania